Informatikari Euskaldunen Bilkurak (IEB) bi urterik behin Udako Euskal Unibertsitateko Informatika sailak antolatzen dituen biltzarrak dira. Informatikan sortzen diren gai berriak aztertzen dira, eta informatikari euskaldunek azaltzen dute azkenaldian egin duten ekarpen berri interesgarria. Beti 100-200 izaten dira parte hartzaileak, eta hainbatetan 250 pertsona biltzera ere iritsi da. Informatikarekin lotura duten hainbat arlotatik etortzen dira horiek, irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideak, nagusiki. Besteak beste gai hauek landu dira: robotika, telefono mugiorrerako aplikazioak, sare sozialak, burujabetza teknologikoa, Informatikaren irakaskuntza, informatika irakaskuntzan...[1]
Parte hartzaileak informatikariak izaten dira, zentzu zabalenean hartuta: software-garatzaileak, erabiltzaile, irakasle, ikasle, teknikari eta abar.
Bilkura hauetan sortutako eztabaida eta gogoetek eragina izan dute geroago Euskal Herrian arlo horietan gertatu den garapenean.
Urteetan zehar hainbat erakunde izan dira bilkura hauen babesle: Miramon parkearen eskutik berrikuntzako sailetatik diru-laguntza lortu baitu Eusko Jaurlaritzan, SPRI Taldean, eta Gipuzkoako Foru Aldundian. eta Donostiako Udalean.
Sorrera eta helburuak
Lehenengo bilkura 1996. urtean antolatu zen, eta honela definitu zen orduan bilkura hauen hasierako helburua:
«
Ordenadoreak, Internet, datu-baseak, editoreak... mundu berria agertzen zaigu aurrean. Makinen garaia datorkigula dirudi; kultura berria kultura bakarra? ingelesa nagusi? aurrerapenak ala atzerapausoak... Kultura ingelesa nagusi dugu mundu honetan: merkatuan topatzen ditugun produktuak, adibidez editoreak edo Interneten topatzen ditugun eztabaida-taldeak...
Beste hizkuntza batzuek ere badute beren tokia, esate baterako gaztelaniak. Baina, gure hizkuntzak etorkizunik ba al du informatika munduan? Arazo asko sortzen dira euskarazko produktu informatikoak ekoiztu nahi ditugunean: bezero gutxi, hizkuntzaren normalizazio-egoera...
»
—Informatikari Euskaldunen I. Topaketa, 1996-11-22[2]
Orduko editoreak, kalkulu-orriak, datu-baseak ezin zitezkeen erabili euskaraz. Geroago hutsune horiek bete ziren, gaur egunean oso normaltzat ikusten da oinarrizko programa horiek euskaraz erabili ahal izatea, baina orduan erronka bat zen hori lortzea. Informatikari euskaldunen lehen bilkurak hutsune horren presentzia salatu zuen eta eragin zuen konponketa bat bilatze aldera.
UEUko Informatika saila
Udako euskal Unibertsitateko Informatika saila 1983an sortu zen. Ordura arte UEUko Fisika Sailean aritzen ziren informatikariak, Informatikaz euskaraz egin ziren lehen urratsak Klaudio Harluxet behe-nafarreraren eskutik etorri ziren, euskarazko informatikan aitzindaria izan zen. Berak idatzi zituen informatikari buruz euskaraz argitaratu ziren lehenengo artikuluak. 1975. urtean, Elhuyar aldizkarian argitaraturiko «Informatikaren hiztegi laburra» izeneko artikuluan,[3] 74 hitzeko bilduma proposatu zuen, informatikaren oinarrizko azalpenarekin batera. Aldizkari berean bi urte geroago beste artikulu bat argitaratu zuen, René Harluxet lehengusuarekin. Han ekin zioten Claude E. Shannonen informazioaren teoriari (informatikaren oinarri den teoria), informatikarekiko euskararen balizko zailtasuna gezurtatuz.
Informatika sailak, 1983an sortu zenetik, 400 hitzaldi baino gehiago eta emandako ikastaroak 90 baino gehiago dira.[4]
Ekitaldien zerrenda
1996z gero bi urterik behin antolatu dira bilkura horiek, informatikaren munduan agertzen diren ekarpen eta fenomeno berriak komunitate euskaldunen ikuspuntutik aztertzeko, eta haien erabilera interesgarrietan eragiteko. Antolatu diren ekitaldiak hauek izan dira: